Tuesday, July 04, 2006

Antzarretik antzarrera saltoka

Antzarretik antzarrera saltoka

Hortzmuga taldeak Lekeitioko hainbat gazterekin batera, Antzar Jokoa deritzon antzezlana antzeztuko du domeka honetan Lekeitioko kaleetan. Aurten, lehenengo bider, Lekeitioko gazteek talde profesional batekin lan egiteko aukera izan dute.

Pasa den Aste Santuetan Hortzmuga taldekoek antzerki ikastaro bat eman zuten Lekeition, Gazte Bulegoak antolatuta. Hamabost urte inguruko hainbat gaztetxo batu ziren ikastaroan, eta lau egunetan zehar 20 orduko ikastaro bat jaso zuten. Ikastaroan komunikazioa eta lotsa galtzeko teknikak landu zituzten, batik bat.
Duela urte bete inguru Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiko batzordeak, herriko jendearekin antzerki bat egitea proposatu zion Hortzmugari. Edorta Jimenez idazlearekin eta Hortzmugarekin elkarlana bultzatzea zen asmoa, eta halaxe ekin zioten. Jimenezek antzarren jokuaren inguruko ideia bat zeukan. Urte bete inguru daramate antzezlan horren inguruan lan egiten: antzarren inguruko dokumentazioa bilatzen, ibilbideak esploratzen, ohiturak ezagutzen...
Santi Basauri konpositorea ere proiektuan parte hartzen dabil. Berak egin du antzezlanaren soinu banda. Basauriren lana ikuskizunean bertan zuzenean entzun ahal izango da. Izan ere, musikariek ere parte hartzen dute beharrean.
Hogei pertsona inguru arituko dira antzerki lanetan eta erdiak Lekeitioko 15 urteko gazteak dira. «Oso pozik» azaldu dira ikastaroarekin eta baita esperientzia berriarekin nahiz eta « lotsa izugarria» pasatzen dutela behin eta berriz adierazi. «Gustura gaude baina lotsa asko ematen digu herri guztiaren aurrean antzezteak, ez gaude ohituta horretara eta», agertu du Mikel Urkiaga gazteak urduri. «Jendeak ikuskizuna- rekin gozatuko duelakoan gaude. Antzezpen polit-polita izango da» azaldu du Paula Lenizek, antzezle gazteetako batek. Aukera itzela dela azpimarratu dute aktore gazteek: «Egunero ez da antzerki talde profesional batekin antzezteko aukera edukitzen, eta beraz,aprobetxatu beharra daukagu». Hurrengo baten berriz ere parte hartzeko gogoa erakutsi dute gazteek eta jende gehiago animatu beharko litzatekeela azaldu. «Hurrengo baten jende gehiago animatzea nahiko genuke, oso gutxi gaude -eta. Politagoa eta interesgarriagoa izango litzateke herriko jende gehiagok parte hartuko balu».
Datorren domekan arratsaldeko 18:30etan daukate Hortzmugakoek Kale Antzerki jaialdiagaz hitzordua. Herri guztian bueltaka ibiliko dira eta herriko plazan amaituko dute euren ikuskizuna.

Historia luzeko ibilbidea

Historia luzea duen taldea da Hortzmuga. Hamabost urte baino gehiago dira taldea sortu zena. Hasiera baten, ia talde guztiak legez, talde amateur bat zen Hortzmuga, baina denboragaz hazten joan da gaur egunean diren talde profesionala osatu arte. «Hasieran, antzerkia ez zen gure helburuetako bat, ondo-ondo pasatzea eta jendea animatzea baino. Taldearen oinarrian ez zen antzerki mundutik zetorren jendea egon» adierazi du Gorka Zerok, Hortzmuga taldeko kideak. «Hankapaloak erabiltzen ikasten hasi ginen; geroago, txontxongiloak egiten ikasi, eta pixkanaka-pixkanaka antzerki munduaren barnean sartzen ari ginela konturatu ginen» argitu du Zerok. Azken zortzi urteak benetako garapen finko bat suposatu dute taldearentzat. Talde lana berriztatu dute eta gutxinaka-gutxinaka jende berria sartzen joan da taldean. «Batzuk antzerki eskoletatik etorritakoak dira, eta beste batzuk, pailazoen mundutik ailegatu dira».

Atzerrian ere ibili da taldea: Frantzian eta Ingalaterran, esate baterako. «Urtean behin atzerrira joatea gustatzen zaigu, nahiz eta gehien maite dugun lan eremua Euskal Herria izan», azaldu du Zerok.

Egilea:ANA GOITIA